tailerraren eskuorria
martxoaren 15ean eta 21ean kultur etxean
UEMAk eta EHEk antolatutako
arnasguneen tailerra Etxarri Aranatzera iritsiko da martxoan. Tailerrak
bi helburu nagusi ditu: euskararen arnasguneek euskararen biziraupenean
eta normalizazioan duten garrantziaz kontzientzia hartzea, eta horiek
zaintzeko zein hedatzeko dinamikak sortzea. Tailerra doakoa da.
Zer dira arnasguneak?
Euskara nagusi den espazioak
dira, eguneroko bizitzan euskara naturaltasunez erabiltzen den guneak.
Espazio soziofuntzionalak (familia, ikastetxea, lantokia…) edo espazio
geografikoak izan daitezke.
Adituek diote hizkuntza batek
bizirauteko ezinbesteko dituela nagusi izango den espazioak. Espazio
berean bi hizkuntzatan ezin da jardun modu iraunkorrean, beti bat
nagusitzen baita. Zentzu horretan, elebitasunaren mitoari aurre egingo
zaio. Horregatik, normalizazio prozesuaren gakoetako bat euskararentzat
espazioak eskuratzea da.
UEMAko arnasguneak
Arnasgune geografikoen artean
daude UEMAko herriak, besteak beste, Etxarri Aranatz eta Arbizu. Herri
hauetan euskaldun dentsitate handia izanik (biztanleen % 70etik gora),
euskara modu naturalean transmititzen da eta euskara lasai hitz egin
dezakegu, hori baita bertako hizkuntza naturala. Arruazuk, Ergoienak eta
Urdiainek ere ezaugarri horiek dituzte.
Azken aldian kezka sortu da gune
geografiko euskaldunetan distentsioa eta kontzientziazio falta detektatu
direlako. Horren aurrean, zenbait
erakundek (UEMA, EHE, EMUN, Kontseilua, Bertsozaleen Elkartea eta
Topagunea) arnasguneek euskararen normalizazio prozesuan duten
garrantzia zabaltzeko beharra ikusi dute. Horren emaitza da tailer hau.
Zenbait herritatik pasatu ondoren, martxoan Etxarrira iritsiko da.
Tailerra
Tailer honen bidez herri mailan
herritar taldeak arnasguneak hedatzeko (funtzionalki nahiz
geografikoki), alegia, eremu berriak irabazteko aktibatu nahi dira.
Horrela, euren eguneroko bizitzan euskaraz bizi ez diren eremuak eta
arrazoiak identifikatu, eta zailtasun horiei komunitate gisa aurre
egiteko urratsak ematera bultzatu nahi da.
Bi orduko bi saio izanen dira:
martxoaren 15ean, larunbatean, 10:00etatik 12:00etara eta martxoaren
21ean, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara.
Tailerra herritar orori zuzenduta
dago. Deialdi berezia egiten da Etxarri Aranatzen eta Arbizun (UEMAko
herriak) euskalgintzan ari direnei eta baita Sakanako beste
arnasguneetako (Arruazu, Ergoiena eta Urdiain) herritarrei ere, eta nola
ez, gaiarekin sentsibilizatuta dauden guztiei.
Izen-ematea
Martxoaren 12a baino lehen Etxarri Aranazko Kultura Zerbitzuan (948 460 930 edo kultura@etxarriaranatz.com), Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.com) edo Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan.
Informazio gehiago: Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan.