Pages

2016/10/10

Mintzakide martxan. Guaixeko artikulua.


Mintzakide, praktikatu eta bizi euskara

Guaixe Sakanako Astekaria 2016-10-07 09:03
Sakanan, dagoeneko, Irurtzunen, Etxarrin, Urdiainen, Altsasun eta Ziordian sortu dira Mintzakide taldeak. Eta gehiago izanen dira.

Ziordin aritutako mintzakide talde bat. | Ikusi handiago | Argazki originala
Inguruan ez dutelako edo ikasi berri dutelako eta lotsa dutelako; aukera ez dutenei, euskara praktikatu eta bizitzeko aukera ematen die Mintzakide programak. Sakanan AEK arduratzen da haiek kudeatzeaz eta Edurne Ruizek azaldu digunez, “beren tokia hartu dute mintzapraktika egiteko programek; aisialdiaren garai honetan, aukera bikaina ematen diote jendeari euskaraz hitz egiteko, jendea ezagutzeko eta, hainbat jardueraren bidez, ederki pasatzeko, bizitzeko”.

Ruizek azaldu digunez, Sakanako Mintzakide edo Gurasolagun taldeetan izena emateko epea zabalik dago. Bien arteko aldea bakarra da: Mintzakiden edozeinek eman dezake izena; Gurasolagun-en, berriz, haurrek eta gurasoek, aisialdiaz gozatuz, euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen du. Bai batzuek bai besteek astean behin taldean euskara praktikatzea dute helburu bakarra. Euskaraz hitz egiteko modu ugari daude: tabernan gustura elkartzea, bizikletan buelta ematea, basoan pasioan ibiltzea…

Helburuak
Mintzakide programan izena ematen dutenek, zeinek bere helburua betetzeko aukera du: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz egiteko toki eroso bat izan, zuzeneko bidea izan inguruko euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, aukera aparta da gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko.

Izena ematea
Edozein sakandarrek eman dezake izena 600 482 024 telefonoaren edo sakana_mintza@aek.eus
e-postaren bidez.


Sakanako Mintzakide ezagutzeko
www.sakanamintza.blogspot.com
Facebook: Sakanako Mintzakideak


2016/09/20

Zabalik dago Mintzakiden parte hartzeko epea!

   

Jendartea bizitzen ari den aldaketa garaian, beren lekua hartu dute mintzapraktika egiteko programek; aisialdiaren aro honetan, aukera bikaina ematen diote jendeari euskaraz hitz egiteko, jendea ezagutzeko eta, hainbat jardueraren bidez, ederki pasatzeko, bizitzeko, alegia. PRAKTIKATU ETA BIZI, horixe baita AEKren mintzapraktika egitasmoen muina.

Hemendik aurrera, zabalik dago Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan izena emateko epea. PRAKTIKATU ETA BIZI AEKren praktika jardueren leloa da, eta kanpainan erabiliko diren euskarrietan jardueron argazki batzuk izango dira ikusgai: astean behin tabernan gustura mintzatzeko elkartzen den herritar taldea, bizikleta hartuta txangoa elkarrekin egiten duten lagunak, etab

Ekimen arrakastatsua dugu; izan ere, bermatuta dago hainbat helburu erdiesteko aukera: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz egiteko plaza eskaini euskaldun orori, zuzeneko bidea izan inguruko euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, abagune aparta eskaini gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko. Azken urteotan, horretan sakondu da, hala, taldeetan hamaika arlotako ikastaroak egiten dituzte (sukaldaritza, historia, osasuna...), baita aisialdiari begirako kontu ugari ere, esate baterako, txango kulturalak eta abentura-taldeak. Bestalde, familiartean eragiteko gurasolagun programa martxan dago.




2016-17 ikasturtean mintzapraktika programaren batean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Euskal Herrian osatuko diren 100dik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara, euskara-elkarteetara edota euskara-zerbitzuetara jo dezakete. edo Sakanan 600 48 20 24 telefonora deituz!