1. Joan zen urtean Mintzakide talde batean egon zinen. Nola izan zenuen egitasmo horren berri?
Iratxo elkarteko lagun batek eman zigun proiektuaren berri. Aizpea euskara taldekoa da, beste batzuekin batera Mintzakide sustatu duen taldekoa. Astean behin talde batean elkartu, jolas egin... eta euskaraz hitz egiteko elkartzeko proposamena egin zigun. Astean behin bakarrik zen, ordu bat, eta gainera hemen bertan, Iratxo elkartean, lagun giroan... Erakargarria iruditu zitzaidan.
2. Nola osatu zenuten taldea?
Ordutegi eta euskara maila bateragarriak genituenak bildu ginen.
3. Zenbat zineten zure taldean?
5 ginen, 5ak maila desberdinekoak. Baziren euskaraz oso trebeak direnak eta, ni bezala, zailtasun handiagoak ditugunak, baina denak moldatzen ginen euskaraz egiteko. Astero- astero elkartzeko egun eta ordu jakin bat genituen.
4. Zer egiten zenuten?
Jolasak... beti gauza erraz eta atseginak, dinamikoak. Gau eskolan, ikastaro intentsiboetan, barnetegian egona naiz, baina ez du honekin alderik. Proiektu honen helburu bakarra euskaraz hitz egitea da, nahi duzunari buruz, nahi duzuna eginez... Oso gustura egon ginen.
5. Mintzakideri esker euskaraz egiteko orduan hobera egin duzula uste duzu?
Bai. Orain urte asko kalean, lagun artean, baita lanean ere, askoz gehiago egiten nuen euskaraz. Baina orain, inguruan euskaldun asko eduki arren, erraztasun faltagatik edo ohituragatik, gehienekin erdaraz hitz egiten dut. Asteak pasa ditzaket euskaraz egin gabe. Eta asko galtzen da. Gauzak horrela astean behin ordu batez euskaraz bakarrik aritzeko aukera edukitzea izugarria da niretzat.
6. Mintzakiden zure taldekide izan zirenekin ordu horretatik kanpo ere euskaraz egiten duzu? Ba, lehen baino gehiago bai. Hemendik euskaraz hizketan ateratzen ginen. Baina, egia esan, oso lagunak direnekin oso zaila egiten da hizkuntza ohiturak aldatzea.
7. Sakanan beste Mintzakide talde batzuk zeuden. Elkartzen zineten haiekin?
Gure taldekoek ez genuen aukerarik eduki. Badakit Irurtzunen bertan beste talde batzuk zeudela baina gu astez biltzen ginen eta haiek asteburutan. Ideia ona da, baina ez da erraza, bakoitzak bere ordutegia duelako. Hasieratik planifikatu behar.
8. Zer eman diozu Mintzakide taldeari?
Astean ordu bat baino ez.
9. Zer eman dizu zuri Mintzakide taldeak?
Nekien euskara praktikatu eta ez galtzeko aukera. Nik bezala, askok ez dute egunero euskaltegira joateko aukerarik. Lanean euskaraz egiteko aukerarik ez baduzu, etxean ere ez eta, lagunekin, aukera eduki arren, erraz alde, erdarara jotzen baduzu, euskaraz hitz egiteko ohitura eta erraztasuna galtzen dira. Mintzakidek euskaraz hitz egiteko aukera ematen dizu eta gainera oso erosoa da: astean behin bakarrik bildu behar da eta era jostagarrian.
10. Mintzakiden izena emateko epea zabalik dago. Iazko taldekoek jarraitzeko asmoa duzue?
Baietz uste dut. Eta talde berriak ere sortuko direla dirudi.
11. Zer esango zenieke sakandarrei?
Mintzakiden izena ematera animatzeko. Oso erraza da eta oso ongi pasatzen da. Eta gainera euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko baliagarria da.
No comments:
Post a Comment