Pages

2009/01/23

Jose Ramon Andaren eta Txuspo Poyoren lan berriak

Nafarroako Museoaren erakusketa gelan artista sakandarren lanak daude ikusgai. “Nafarroako Museoa. Bilduma irekia. 2006-2008ko eskuraketak” izenarekin, museoak ikusgai jarri ditu urte horietan erositako 127 pieza. Horien artean daude Jose Ramon Andaren eta Txuspo Poyoren lanak.
Hiru atal handi hartzen ditu erakusketak: interes historikoko piezak (XIX. mende aurrekoak), pieza numismatikoak (moneta eta dominak) eta arte garaikideko obrak. 22 pieza berrik osatzen dute azken atal hau, 6 margolanek, 4 eskulturak, instalazio batek, 6 grabatuk, 3 argazkik eta bi bideolanek. 13 artisten artean leku berezia dute bi sakandarrek, Jose Ramon Andak eta Txuspo Poyok. Lehenagotik ere Nafarroako Museoaren bildumaren zati ziren artista sakandarren lanak. Nafarroako arte garaikidearen ordezkari azpimarragarrienetakoak direlakoan, Nafarroako Museoak artista sakandarren obra berriak eskuratu nahi izan ditu.
Otsailaren 22ra arte ikusgai dago erakusketa Nafarroako Museoan bertan, asteartetik ostiralera, 9:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Bisita gidatua nahi duenak aukera ona du larunbatero, 17:30ean, eta igandero, 12:30ean.

No comments:

Post a Comment