Iaz bezala, aurten ere, Kima euskara taldeak Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz antolatu du Bertsoberriz Altsasun zikloa. Bi erakundeok helburu da altsasuarren eta, oro har, sakandarren artean bertsozaletasuna zabaltzea.
Bertsoberriz Altsasun zikloa festetan abiatu zen, irailaren 18an antolatutako bertso-poteoarekin. Haren ondoren zikloak bi ekitaldi izanen ditu. Aurreko urteetan bezala, aurten ere, ferietan bertsolaritza presente izanen da, mahaiaren inguruan. Ostiralean afaltzera bilduko gara Zubiondo elkartean, 22:00etan. Afal buruan, Xabier Silveira eta Unai Iturriaga bertsolariak izanen dira kantuan ariko direnak. Txartelak dagoeneko salgai daude Iortia kultur gunean eta Biltoki eta Gau-txori tabernetan 20 eurotan. Txartelak urriaren 13ko 14:00ak arte egonen dira salgai. Gabe gelditu nahi ez baduzu mugitzea duzu!.
Bertso saioa
Ferietako bertso afariarekin batera, eta aurreko urtetan bezala, primerako bertso saio batekin gozatzeko aukera izanen dugu Altsasun. Bertsoberriz Altsasun zikloak Iortia kultur gunera puntako dozena erdi bertsolari ekarriko ditu. Zure agendan erreserbatu azaroaren 6, larunbata, Iortia kultur gunean bertso saioa izanen delako.
Bertsoberriz Altsasun zikloaren eskaintza horixe duzu. Kima euskara taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak zure gogokoa izatea espero dugu. Elkar ikusiko dugulakoan, bitartean eta beti, bizi euskaraz.
No comments:
Post a Comment