Pages

2011/02/18

ETBn euskaldunak erderaz ez aritzearen alde 2.400dik gora sinadura astebetean

Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela". Horixe diote Interneten ETBri eskaera luzatu eta sinadura bilketa martxan jarri dutenek.

Euskal Telebistari euskal hiztunak erderazko adierazpenak egitera ez behartzeko eskatuz kanpaina jarri du martxan Interneten herritar talde batek. Gaur astebete, 2011-2-2an, abiatu zuten kanpaina, eta aurreneko astebete horretan 2.400dik gora sinadura jaso dituzte.

Jarraian datorrena da ekimena bultzatu dutenek jendearen atxikimendua jasotzeko prestatu duten adierazpena eta eskaera:



Euskaldunak euskaraz ETBn

"Hainbat erakunde ofizialetan euskaraz hizketan datorrenari erdaraz egin dezan eskatzea aspaldi debekaturik dagoen arren, egoera hori egunero ematen da oraindik non eta Euskal Telebistan.

Elkarrizketak, adierazpenak, e.a. euskaraz eta erdaraz bietan egitea ohitura zaharra da Euskal Telebistan. Zoritxarreko praxi horren ondorioz, euskara ikusezin bihurtzen da euskaraz bizi ez diren herritarrentzat, eta euskaltzaletasuna ikusezin bihurtzen da herritar guztientzat.

Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan berdin zaigula batan ala bestean jardutea. Ez luke hala behar behinik behin, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu.

Euskaldunak Euskal Telebistan erdaraz hizketan agertzeak ondorio kaltegarriak ditu euskararentzat. Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du.

Eredugarri gerta daitezkeen pertsonak behin eta berriz adierazpenak euskaraz egiten ikusteak (erdal kanalean azpitituluz osaturik) euskaltzaletasuna ereiten du ikusleen bihotzean emeki eta etengabe. Euskara hobesteko mezu subliminala dakar. Pertsona horrek euskararen aldeko hautu pertsonala egin duela erakusten du apalki eta zalapartarik gabe. Gaur egun eskaintzen zaigun euskara eta erdararen arteko berdintasun axolagabea berriz, euskararen galgarria gertatzen ari da, gure gizartean gero eta maizago ikus dezakegunez.

Azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.

Euskal Telebista euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da. Dena den, gainerako eztabaida gaiak oraingoz bazter utzi eta adostasunik zabalena iristearren azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, ETB zertarako sortu zen une batez oroituz, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.



Euskaldunak Euskaraz ETBn".

Eskaeraren alde sinadura edo botoa emateko webgunean bertan ikus daiteke zenbat atxikimendu jasotzen ari diren.

1 comment:

  1. Hau da helbidea:

    http://www.ipetitions.com/petition/euskaldunakeuskarazetbn

    ReplyDelete