Irakurtzeko zaletasuna
sustatzeko kanpainarekin liburuak erosteko deskontuak lortu
daitezke
Etxarri Aranazko udaleko Euskara Batzordeak eta Udal Liburutegiak Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) antolatu dute. Euskarazko irakurzaletasuna sustatu du helburu kanpainak, bereziki liburutegikoak. Eta, horrela, liburutegiaren eta euskararen arteko lotura egin nahi da.
Kanpaina 2 hilabetez martxan egonen da, eta bitarte horretan liburuzainak irakurle guztiei kanpainaren berri ematen duen orri markatzaile bat emanen dio. IGOren dinamikari dagokionez, erraza da. Liburutegian euskarazko liburu bat hartu eta hura irakurtzearekin hasten da dena. Itzulitakoan liburuzainak fitxa bat emanen dio irakurleari, hura bete dezan. Liburuari buruzko inpresioak idatzi eta trukean Etxarriko liburu-dendetan erosketa egiteko erosketa-txartela jasoko du irakurleak. %25eko deskontua lortuko dute ikasleek. %50 AEK-ko ikasle edo Mintzakide programako kide badira eta %40 liburutegian sortuko den irakurle taldeko kide badira.
Kanpainak azaroaren 15etik ilbeltzaren 11ra arte iraunen du. Alde batetik, 12 eta 16 urte bitartekoendako izanen da eta, bestetik, 16 urtetik gorakoendako. Lehenek liburuak edo eskola-materiala erosteko aukera izanen dute. Bigarrenek literatur lanak.
Irakurle taldea
Etxarri Aranazko udal liburutegian talde bat sortuko da. Asmoa da bi hilean behin liburu bat irakurri eta gero haren inguruan hizketatzea. Inork interesa balu, liburuzainari galdetzea besterik ez du. Nafarroako idazle baten lanarekin hasiko direla jakinarazi dute. Bestalde, irakurketa kanpainaren barruan gaztetxoendako lehiaketa, irakurleen arteko zozketa eta beste ere izanen dira.
Iturria: Guaixe
No comments:
Post a Comment