Pages

2008/04/30

Antton Irusta ipuin kontalaria Altsasun


Altsasuko euskara ikasleek apirila osoa izan dute beraien ipuinak aurkezteko; orain, saria jasotzeko ordua iritsi da. Horretarako, kima euskara taldeak Maiatzak 8an, 19:30etan Iortia kultur gunean jarri du hitzordua. Parte hartu duten guztientzat egongo da saria, beraz, ez huts egin!!!!

Honekin batera, Antton Irusta ipuin kontalaria etorriko zaigu bere irudimenarekin gu liluratzera... benetan gomendagarria!

2008/04/24

Film laburrak euskaraz Irurtzunen


Euskal Herri osoan proiektatzen ari diren bezala, oraingo honetan Irurtzunen izango dugu Film laburren proiekzioa Aizpea euskara taldearen eskutik. Apirilak 24, osteguna, 20:00etan Kultur etxean eta ondoren, Asier Mendozaren hitzaldia izango da. Beraz, Irurtzundarrok animatu zaitezte!!

2008/04/14

Boliviari buruzko proiekzioa euskaraz Irurtzunen


Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Txomin Txueka argazkilariarekin batera egindako lanaren emaitza da 'Illimani, Boliviako izpiak eta hizkiak' hitzaldi-diaporama. Hitza, irudia eta soinua elkartu dituzte, Boliviaz aritzeko, hango jendeaz eta egoeraz. Bi lagunek Bolivian eginiko egonaldia Illimani liburuan jaso zuten eta orain izen bereko ikuskizuna aurkeztuko digute Irurtzungo Iratxo elkartean, Apirilaren 18an, Ostirala, gaueko 22:00etan.

Mintzakide guztioi bertaratzeko gonbidapena luzatzen dzuegu! Benetan interesgarria!

2008/04/07

Euskaltegietako euskara ikasleendako Ipuin Lehiaketa


Badator 4. urtez, euskaltegietako ikasleei zuzendutako ipuin lehiaketa. Kima euskara taldeak antolatutako ipuin lehiaketan Altsasu, eta Sakanako, euskaltegietako ikasleek parte hartu dezakete.
Batetik, euskalduntzen ari diren pertsonei ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ona izan daiteke, eta bestetik, euskara ikasteko konpromisoa hartu duten altsasuar, eta sakandar, guztien ahalegina nabarmenduko da.

Parte hartzaile guztiendako saria dago. Horregatik euskara ikasten edo alfabetatzen ari direnei parte hartzera animatu nahi ditugu. Bestalde, lehiaketaren irabazleak sari berezia eskuratuko du. Apirilak 28 arte duzue ipuinak aurkezteko epea. Badakizue ba! hartu boligrafoa eta hasi irudimena dantzan!!
Informazio gehiago http://www.altsasukokima.com/.

2008/04/03

Badator Euskarazko Film Laburren V.zirkuitoa!


Adi guztiok!!!!!!

Kima Euskara Taldeak, TOPAGUNEA Euskara Elkartearen Federazioaren bidez, Altsasura film laburren zirkuitua ekarriko du. Bere bidez euskal kultura, kasu honetan zinema, sustatzeko aukera eskaintzen du. Zirkuituaren 5. edizioa da aurtengoa eta irauten duen bitartean euskal geografian barna 38 emanaldi eskainiko dira.

Altsasun, zirkuituko gainontzeko tokietan bezala, 10 film labur pantailaratuko dira.
Kima Euskara Taldearen eskutik, Film laburren V. Zirkuituak apirilaren 9an eginen du Altsasun geldialdia. Film laburrak Iortia kultur gunean ikusteko aukera izanen da, 19:30ean. Gainera, gurekin batera Mikel Alvarez izanen da, pantailan ikusiko dugun Azken trena film laburraren zuzendaria. Hark bere esperientzia kontatzeaz gain, bildutako guztiek egindako galderak ere erantzunen ditu.
Film-laburren emanaldira joateko gonbitea egitea besterik ez zaigu falta. Iortia kultur gunean elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan!

2008/04/01

Hizkera informala, euskaraz, gazteendako


Altsasuko Kima euskara taldeak topaketa batzuk antolatu ditu datorren aste hauetarako.Topaketaren helburuak hauek dira: “gazteei egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabiltzera animatzea eta hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakustea”. Hainbat “jolas eta dinamiken bidez adarra jotzea, haserretzea eta ligatzea” landuko dituzte gazteek topaketetan. Altsasuko euskara taldeak antolatutako topaketa hori 5 saiotan garatuko da: apirilaren 13an, 20an eta 27an, domekarekin, eta maiatzaren 10ean eta 17an, larunbatarekin, Gure Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Kimak aurreratu duenez, gazteak saio batera edo guztietara joan daitezke. Gehienez ere 25 parte-hartzailerendako tokia dago. Hori bai, aurretik izena eman behar da Altsasuko Udaleko Gazte Txokoan (http://altsasukogaztetxokoa@hotmail.com/). Apirilaren 10era arteko epea dago.