2008/12/02

BADATOR DURANGOKO AZOKA!!!!


Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965eko azaroak 1ean egin zen Andra Mariko elizpean. Gerediaga Elkarte sortu berriak antolatu zuen eta helburua, frankismoaren diktadurapeko urte haietan, Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea zen, baita euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topalekua izatea ere lortu nahi zuten.
Gaur egungo azoka, abenduaren 8aren inguruan izaten da, Landako Erakustazokan. Ez da liburu eta disko azoka bat soilik. Abenduko egun hauek euskaldunen urteroko zita edo topaleku izatera heldu da. Bertan biltzen dira mota guztietako idazleak, abeslariak, irakurleak, pertsona nagusiak, gazteak, gizonak, emakumeak... Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskera eta euskal kulturaren erakustoki erraldoi eta gure kulturaren jai nagusi bihurtzen da urtero abenduaren hasieran.

Abenduaren 5etik 8ra egingo da 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka.
Egunez egun, 10:30etatik 20:00ak arte, lau atal nagusitan banatuta aurkituko duzu Azokako egitaraua: egitarau nagusia, Haur Literatur Aretokoa, Aurkezpen aretokoak eta Durangon egunotan izango diren ekitaldi nagusiak. http://www.durangokoazoka.com/

2008/12/01

EUSKARAZ BAI, PAUSO BAT HARAGO!!


Abenduaren 13an, larunbata, euskalgintzaren nazio elkargunea den Kontseiluak Euskaraz Bai nazio ekimena eta ikuskizuna egingo du Barakaldoko BECen arratsaldeko 6etan. Ekitaldi hau, 1998an Bai Euskarari ekimenak Euskal Herriko 5 futbol zelai handienak euskararen alde bete eta 10 urteetara dator.
Gainera, Euskaraz Bai ekimen berriarekin Kontseiluaren 10. urteurrena ospatu eta euskararen normalizazioan pauso bat harago, jauzia, emateko asmoa dago. Izan ere, "Bai Euskarari" esatetik "Euskaraz Bai" egitera bultzatu nahi du euskalgintzak.
Abenduaren 13an animatu eta denok Barakaldora!!!

EUSKAL EKITALDIAK


Irurtzungo Aizpea euskara taldeak 10 urte pasa darama abendu aldean Euskal Ekitaldiak antolatzen. Abenduaren 3tik 31ra bitartean ekitaldi ezberdinetak ikusteko baita gozatzeko aukera izanen dugu; besteak beste, bertso afaria, Euskararekin Txapeldun lehiaketa, hitzaldiak, ikuskizunak,tailerrak, txangoak, Pirritx eta Porrotxen emanaldia, etab. Aizpea elkarteak denoi ekitaldi hauetan parte hartzeko deia egin digu, beraz, animatu eta Irurtzunera hurbildu!!!!

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Jakinekoa denez, hainbat eta hainbat dira euskararen omenetan egiten diren ekitaldi eta jardunak. Horietako bat, guztietatik nabarmenena, Euskararen Nazioarteko Eguna da, urtero-urtero, abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko deunaren egunez ospatzen dena.
Hau dela eta Irurtzungo Atakondo ikastetxeak abenduaren 5erako Euskara Eguna antolatu du. Goizean ikasleendako tailerrak izanen dira eta 3 urtetik 8 urtera bitarteko ikasleek jaialdia eginen dute.
Arratsaldean, 15:30ean, guraso elkarteak antolatuta jaialdi ederra izanen da Irurtzungo kiroldegian. Gurasoek, ikasleek eta bertako langileek jaialdian parte hartuko dute; ekitaldi ezberdinak antzeztuaz, kantak abestuaz... .