2012/02/29

JADANIK IPUIN BATZUK BIDALI DITUGU ETA...

Jadanik ipuin batzuk bidali ditugu (Mankomunitatean antolatu duen lehiaketara) eta hau poza!!!!

Parte hartzeagatik opari bana jaso dugu. Eta ez nolanahiko oparia!!!!!

Badaude beste ipuin batzuk martxan. Ea!!!!

2012/02/19

OSO GUSTURA ATZO ALTSASUN

Bai sakandarrak, bai Iruñerrikoak oso gustura egon ginen atzo Altsasun.
Eskerrik asko Jabi, Gorka, Amaia eta Patxi! Mokadu gozoen artean, Altsasuko eta Sakanako inauterien hainbat eta hainbat kontu eta kontutxo ezagutu genituen.
Halaber, primizian, oraindik mustu gabe egon arren, Altsasuko hiru ikastetxeetako haurrek inauterien inguruan egindako marrazkiak, panpinak, maskarak eta abarrak ikusi ahal izan genituen.
Hori guztia eguzkiaz gozatuz! (aspaldiko partez)

2012/02/13

TALDEA BIKOIZTUKO DA!

2011-2012 denboraldia hasi zenetik, Altsasuko ostegun arratsaldeko taldea handitu eta handitu egin da. Zorionez! Baina, elkarrizketa goxorako ez da oso egokia.

Hortaz, aurreko ostegunean zera probatzea erabaki zen . Astean bi hitzordu izatea. Orain arte bezala, OSTEGUNETAN eta orain ASTEARTEETAN ere bai.

Eta norberak aukera dezala zein egunetan agertu. Edo egun batean ezin bada, beti dago beste egunen bat agertzeko.

Egun batean edo bestean, beti norbait egon dadin taldekide pare batek bi egunetan agertzeko konpromisoa hartu zuten.



Ikusiko dugu emaitza!

2012/02/11

BELEIXE IRRATIA SAREAN

Sakanako Mintzakideoi asko gustatzen zaizkigu Guaixe astekaria eta Beleixe irratia.


Askotan agertzen gara bai batean, bai bestean.


Euskaraz bizitzen bidelagun ditugu.


Bere lehiaketetan parte hartzen dugu...



Eta orain pozik gaude, interneten ere Beleixe irratia entzuteko aukera daukagulako.



www.guaixe.net helbidean

2012/02/09

ALTSASUKO INAUTERIAK HOBEKI EZAGUTZEN

Heldu den larunbatean, hilak 18, Iruñeko Mintzakideak eta Sakanako Mintzakideak elkarrekin izanen gara.


Aitzakia Altsasuko inauteriak hobeki ezagutzea izanen da.

Egun horretan Altsasuko Zubiondo elkartean bilduko gara, eguerdian, eta inauteri komisioko Gorkak eta Jabik nahi adina azalpen emanen dizkigute.

2012/02/08

OTSAILEKO BIGARREN SAIOA

Euskarazko letren hileko bigarren hitzordua bertan da.



Eta hemendik Txillardegiren, Jose Luis Alvarez Enparantzaren, obra ezagutzera gonbidatu nahi zaitu Kima euskara taldeak. Euskal literatura modernoaren oinarri izandakoaren lanen pasarteak dastatzeko aukera izanen da otsaileko bigarren Testu bazkan. Otsailaren 15ean, izanen da, asteazkenarekin. Ohi denez, 19:00etan, udal liburutegian.
Testu bazka-n aritzeko ez da literatura ezagutza espezifikorik edo prestaketa berezirik behar. Dena abantailak dira: euskaraz idatzitako lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du; ez da etxerako lanik izanen, aurretik ez delako ezer irakurri behar, saioan bertan irakurtzen dira pasarte labur batzuk; saioak ez dira oso luzeak izaten eta, gainera, saio guztiak independenteak dira.

2012/02/05

SAKANAKO MINTZAKIDEENDAKO IPUIN LEHIAKETA

Sakanako euskaltegietako ikasleekin batera, heldu den asteetan lana daukate Mintzakideek.






LEHENA
Lehiaketa honetan euskalduntzen ari den Sakanako
edozein pertsonak har dezake parte, baita
eremu bereko Mintzakide programako parte-hartzaileek
ere.
BIGARRENA
3 maila ditu lehiaketak:
• 1. mailan B1 maila arteko ikasleek har dezakete
parte.
• 2. mailan, berriz, B2 maila arteko ikasleek.
• 3. mailan C1 maila arteko ikasleendako da.
Mintzakide programako parte-hartzaileek duten
ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute.
Horretarako propio azaldu beharko dute.
HIRUGARRENA
Lanak banaka egingo dira eta egile bakoitzak nahi
beste testu aurkez ditzake. Ipuin bakoitzak 100
hitz izango ditu, gehienez.
LAUGARRENA
Lehiaketak aurrera egiteko gutxienez 10 lan aurkeztu
beharko dira; bestela, bertan behera geldituko
da.
BOSGARRENA
Lanak euskara hutsean idatziko dira eta argitaratu
gabeak, jatorrizkoak eta beste edozein lehiaketetan
saririk jaso gabeak izanen dira.
SEIGARRENA
Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako
eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez
dira onartuko.
ZAZPIGARRENA
Sakanari buruzko erreferentziaren bat sartzea
ezinbestekoa da (tokiak, gertakari historikoak…).
ZORTZIGARRENA
Ipuin bakoitzaren bi kopia aurkeztuko dira lehiaketara.
Ipuina gutun-azal itxi baten barruan sarturik
aurkeztuko da izenorde batez sinatua. Gutun
azalaren barruan beste gutun-azal itxi bat
sartuko da. Bertan egileak bere datuak eman beharko
ditu: izen-abizenak, telefonoa, helbidea eposta
eta ikasketa-maila. Lanak internet bidez
ere bidal daitezke euskara@sakana-mank.com
helbidera. Posta elektronikoz bidaliz gero, pdf
formatuan egon behar dute eta datu guztiak
beste dokumentu batean bidaliko dira.
BEDERATZIGARRENA
Sakanako Mankomunitateak izendatuko du
epaimahaia. Epaimahaiaren epaia apelaezina
izanen da.
HAMARGARRENA
Lanak martxoaren 3Oera arte aurkez daitezke Itsasi
euskaltegian edota Sakanako Mankomunitatean.
HAMAIKAGARRENA
Sariak eman gabe gera daitezke, baldin eta obrek
ez badute behar bezalako merezimendurik. Era
berean, sariak ex-aequo moduan banatu ahalko
dira lan batzuen artean.
HAMABIGARRENA
Aurkeztutako lanak Sakanako Mankomunitatearen
esku geldituko dira. Mankomunitateak lanak
argitaratzeko aukera gordeko du.
HAMAHIRUGARRENA
Maila bakoitzeko saridunek liburu sorta bat jasoko
dute.
HAMALAUGARRENA
Lehiaketan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar
berarekin.

2012/02/03

Bihar Sakanako euskarazko hedabideen aldeko elkartasun azokak



Bihar euskarazko hedabideen aldeko elkartasun azokak
Sakanako ikastolek sustatuta Etxarri Aranatzen eta Altsasun eginen dira bihar.
Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka ikastolek objektuak biltzen daramatzate azken asteak.
Erabilgarri diren eta etxean erabilerarik ez duten objektuak dira bildu dituztenak. Irene Lopez de Goikoetxeak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, jostailuak, liburua, CDak, DVDak, arropa, etxeko tresnak, dekoraziokoak eta beste asko jaso dituzte. Guztiak ere bihar “prezio oso eskuragarrian” salgai jarriko dituzte Etxarri Aranatzen eta Altsasun eginen diren bigarren eskuko objektuen elkartasun azokan.
Ekimen horrekin Sakanako ikastolek Guaixe astekaria eta Beleixe irratiaren alde dirua atera nahi dute, “diru-laguntzen murrizketaren ondorioz egoera larrian baitaude”.
Azokak Etxarri Aranatzen, estalopean, 11:30etik 15:00etara.
Altsasun, Foru plazan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

ZORION ETXE HONTAKO DENOI

Santa Ageda koruak kalera aterako dira gaur eta bihar .

Bihar Santa Ageda bezpera dugu, “etxe guztiak kantuz pozteko” eguna. Ohitura jarraituz, zenbait sakandarrek kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko kopla zaharrak.
Ikastetxeetako haurrek emanen diote hasiera ospakizunei, gaur bertan. Haien atzetik etorriko dira udal musika eskoletako ikasleak, abesbatzak eta Santa Ageda bezperako tradizioa gogoko duten herritarrak. Makilak eskuan hartu, eta kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko koplak. Bildutako puskekin asko eta asko merendatzera, txokolatea hartzera edo afaltzera bilduko dira.

Irurtzundarrek bihar, 18:30ean jarri dute hitzordua herriko kultur etxean. Aizpea euskara taldeak egindako deiarekin bat eginez, haur, gazte eta helduek kalez kale zabalduko dituzte martiriaren omenezko bertsoak. Bukaeran, denendako otamena izanen da Iratxo elkartean.
Irintarrak, urtero bezala, kalera aterako dira bihar, Santa Ageda bezperan. 20:00etan aterako dira elkartetik. Etxez etxe Santa Agedaren omenezko koplak abestu ondoren, afaria eginen dute elkartean.

Lakuntzako haurrak eta gurasoak, baserritarrez jantzi eta plazara aterako dira bihar, 16:30ean. Musika eskolako akordeoi-jole eta txistularien laguntza ere izanen dute. Elkarrekin, ordu eta erdi inguruko itzulia emanen dute herrian barna, makilek markatutako erritmora kantuan. Bukaeran, otordu ederra eginen dute bildutako puskekin. Abesbatzak, berriz, arratsaldeko 19:00etan dauka hitzordua, plazan. Makilak eta kriseiluak eskuan dituztela, bertso ederrak zabalduko dituzte herriko karriketan. Bukaeran, gustura afalduko dute elkartean, hurrengo egunean goiz esnatzeko beldurrik gabe.

Arbizuarrak bihar 18:00etan bilduko dira plazan, herritarrak kantuekin pozteko prest. Makila izanen dute lagun bakarra, eztarriz sano dabiltza eta. Santa Agedaren omenezko koplak abestuko dituzte karrizkaz karrika. Bueltan, eguraldiak laguntzen badu, aate txikia izanen da plazan parte hartzaile guztiendako.

Etxarri Aranatzen Santa Agedak koruek asteburu osoa bustiko dute. Andra Mari ikastolako eta San Donato ikastetxeko ikasleek emanen diete hasiera ospakizunei. Gaur 11:30ean aterako dira kalera, baserritarrez jantzita eta makila eskutan dutela. Bihar, berriz, udal musika eskolako ikasleen txanda izanen da. 18:00etan aterako dira musika eskola berritik, parke ingurutik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak abestuko dituzte. Txokolate beroa zain izanen dute plazan, hotza ateratzeko. Bukatzeko, Etxarriko abesbatza kalera aterako da 20:00etan. Eskusoinuaren eta makilen laguntzarekin kalez kale abestuko diote martiriari. Mahaiaren inguruan agurtuko dute eguna.

Bakaikuko abeslari txikiak goiztiar ibiliko dira. Bihar, 10:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan. Makilak eskuan dituztela, gogoz abestuko dute urtero-urtero berritzen dute kantua, Santa Ageda andria, giltza handian jabia. Akordeoi-joleen laguntzarekin etxez etxe abestuko dute. Eskean jasotzen dutenarekin bazkari ederra eginen dute ihoteetan. Kinto eta kinto zaharrendako ere egun handia izanen da biharkoa. Jai giroan murgildu aurretik, etxez etxe abesten eta eskean ibiliko dira.

Iturmendiko eskolako haurrak abestera aterako dira gaur arratsaldean. Hotzari aurre egiteko ausardiak saria izanen du, eta bukaeran merendutxoa izanen dute. Bihar, Santa Ageda bezperan, ere kalera aterako dira iturmendiarrak. Iluntzeko puntuan hasiko dute kalejira. Santa Ageda koplak kalez kale abestu ondoren, auzatea eginen dute Aritzaga elkartean.

Altsasuarrendako egun handia da Santa Ageda. Horregatik, asko dira bihar haren omenez abestera aterako direnak. Musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak izanen dira lehenak. Bihar, 17:30ean aterako dira musika eskolatik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak zabalduko dituzte kalez kale. Ordu bete inguruko kalejira alaia eginen dute. 18:30ean, kalera aterako da jubilatuen elkarteko korua. Aita Barandiaran egoitzan dute hitzordua. Kantuan Iortia plazaraino joanen dira kalejiran. Bertan bat eginen dute Zubiondo elkarteko abeslariekin. Bi elkarteak joan zen urtean batu zituzten lehen aldiz haien ahotsak, eta gustura geratu ziren. “Santa Ageda bezpera egun handia da Euskal Herrian, eta festa herrikoia egin nahi genuke” esan digu jubilatuen koruko zuzendariak. Haiekin abestera animatu dituzte altsasuar guztiak. Astean barna zenbait entsegu izan dituzte bi elkarteetan. Santa Ageda bezperako kopla ezagunez gain, Altsasuko bertso zaharrak ere prestatu dituzte.

Olaztiko udal musika eskolak eta ludotekak Santa Ageda koplak abestera gonbidatu dituzte herritarrak. Gaur, 17:45ean aterako dira ludotekatik. Baserritarrez janzteko deia egin dute. Kalez kale abestu ondoren, txokolate beroa izanen dute Kamiogaina jubilatuen elkartean.






Testuaren iturria: http://www.guaixe.net/ (moldatua eta zuzendua)




Bideoa: http://www.youtube.com/

2012/02/01

ARRAKASTA BINGO-AFARIAN

Larunbatean ospatu zen BIERRIKen aldeko BINGO-AFARIA. 45 pertsona inguru izan ziren afarian eta 60 bat azaldu ziren ondorengo Bingora.

Ederki afaldu ondoren, kartoien aitzakiarekin, txanpon batzuk elkar trukatzeko aukera izan zen. Batzuek zorte handia izan zuten; beste batzuek, berriz, kartoiari begira eta begira, baina ia zenbakirik ezabatu gabe egon ziren.
Esate baterako, Manolok bi BINGO kantatu zituen eta Iratik bat. Halaber, Trinitatera lo egitera joan zen koadrila batek enkargatutako kartoi bat zorteko izan zen erronda batean.

10 erronda bete ziren eta gaueko 01:40ak aldera bukatu zen bingo-gaua.
Laburpen gisa esan behar dugu afaritik 650€ inguru atera zirela eta Bingotik 465€. Denetara 1115€ lortu ziren GUAIXEk eta BELEIXEk bere horretan jarraitu ahal izateko. Irurtzunek ahalegin polita egin zuen hortaz.
Zorionak Aizpea, Orritz eta Pikuxarri eta eskerrik asko Iratxori eta Irurtzundik afarira eta Bingora azaldu zineten guztioi!!

Iturria: http://www.blogak.com/irurtzuneuskaraz (Testu moldatua)