Pages

2012/02/03

ZORION ETXE HONTAKO DENOI

Santa Ageda koruak kalera aterako dira gaur eta bihar .

Bihar Santa Ageda bezpera dugu, “etxe guztiak kantuz pozteko” eguna. Ohitura jarraituz, zenbait sakandarrek kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko kopla zaharrak.
Ikastetxeetako haurrek emanen diote hasiera ospakizunei, gaur bertan. Haien atzetik etorriko dira udal musika eskoletako ikasleak, abesbatzak eta Santa Ageda bezperako tradizioa gogoko duten herritarrak. Makilak eskuan hartu, eta kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko koplak. Bildutako puskekin asko eta asko merendatzera, txokolatea hartzera edo afaltzera bilduko dira.

Irurtzundarrek bihar, 18:30ean jarri dute hitzordua herriko kultur etxean. Aizpea euskara taldeak egindako deiarekin bat eginez, haur, gazte eta helduek kalez kale zabalduko dituzte martiriaren omenezko bertsoak. Bukaeran, denendako otamena izanen da Iratxo elkartean.
Irintarrak, urtero bezala, kalera aterako dira bihar, Santa Ageda bezperan. 20:00etan aterako dira elkartetik. Etxez etxe Santa Agedaren omenezko koplak abestu ondoren, afaria eginen dute elkartean.

Lakuntzako haurrak eta gurasoak, baserritarrez jantzi eta plazara aterako dira bihar, 16:30ean. Musika eskolako akordeoi-jole eta txistularien laguntza ere izanen dute. Elkarrekin, ordu eta erdi inguruko itzulia emanen dute herrian barna, makilek markatutako erritmora kantuan. Bukaeran, otordu ederra eginen dute bildutako puskekin. Abesbatzak, berriz, arratsaldeko 19:00etan dauka hitzordua, plazan. Makilak eta kriseiluak eskuan dituztela, bertso ederrak zabalduko dituzte herriko karriketan. Bukaeran, gustura afalduko dute elkartean, hurrengo egunean goiz esnatzeko beldurrik gabe.

Arbizuarrak bihar 18:00etan bilduko dira plazan, herritarrak kantuekin pozteko prest. Makila izanen dute lagun bakarra, eztarriz sano dabiltza eta. Santa Agedaren omenezko koplak abestuko dituzte karrizkaz karrika. Bueltan, eguraldiak laguntzen badu, aate txikia izanen da plazan parte hartzaile guztiendako.

Etxarri Aranatzen Santa Agedak koruek asteburu osoa bustiko dute. Andra Mari ikastolako eta San Donato ikastetxeko ikasleek emanen diete hasiera ospakizunei. Gaur 11:30ean aterako dira kalera, baserritarrez jantzita eta makila eskutan dutela. Bihar, berriz, udal musika eskolako ikasleen txanda izanen da. 18:00etan aterako dira musika eskola berritik, parke ingurutik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak abestuko dituzte. Txokolate beroa zain izanen dute plazan, hotza ateratzeko. Bukatzeko, Etxarriko abesbatza kalera aterako da 20:00etan. Eskusoinuaren eta makilen laguntzarekin kalez kale abestuko diote martiriari. Mahaiaren inguruan agurtuko dute eguna.

Bakaikuko abeslari txikiak goiztiar ibiliko dira. Bihar, 10:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan. Makilak eskuan dituztela, gogoz abestuko dute urtero-urtero berritzen dute kantua, Santa Ageda andria, giltza handian jabia. Akordeoi-joleen laguntzarekin etxez etxe abestuko dute. Eskean jasotzen dutenarekin bazkari ederra eginen dute ihoteetan. Kinto eta kinto zaharrendako ere egun handia izanen da biharkoa. Jai giroan murgildu aurretik, etxez etxe abesten eta eskean ibiliko dira.

Iturmendiko eskolako haurrak abestera aterako dira gaur arratsaldean. Hotzari aurre egiteko ausardiak saria izanen du, eta bukaeran merendutxoa izanen dute. Bihar, Santa Ageda bezperan, ere kalera aterako dira iturmendiarrak. Iluntzeko puntuan hasiko dute kalejira. Santa Ageda koplak kalez kale abestu ondoren, auzatea eginen dute Aritzaga elkartean.

Altsasuarrendako egun handia da Santa Ageda. Horregatik, asko dira bihar haren omenez abestera aterako direnak. Musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak izanen dira lehenak. Bihar, 17:30ean aterako dira musika eskolatik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak zabalduko dituzte kalez kale. Ordu bete inguruko kalejira alaia eginen dute. 18:30ean, kalera aterako da jubilatuen elkarteko korua. Aita Barandiaran egoitzan dute hitzordua. Kantuan Iortia plazaraino joanen dira kalejiran. Bertan bat eginen dute Zubiondo elkarteko abeslariekin. Bi elkarteak joan zen urtean batu zituzten lehen aldiz haien ahotsak, eta gustura geratu ziren. “Santa Ageda bezpera egun handia da Euskal Herrian, eta festa herrikoia egin nahi genuke” esan digu jubilatuen koruko zuzendariak. Haiekin abestera animatu dituzte altsasuar guztiak. Astean barna zenbait entsegu izan dituzte bi elkarteetan. Santa Ageda bezperako kopla ezagunez gain, Altsasuko bertso zaharrak ere prestatu dituzte.

Olaztiko udal musika eskolak eta ludotekak Santa Ageda koplak abestera gonbidatu dituzte herritarrak. Gaur, 17:45ean aterako dira ludotekatik. Baserritarrez janzteko deia egin dute. Kalez kale abestu ondoren, txokolate beroa izanen dute Kamiogaina jubilatuen elkartean.






Testuaren iturria: http://www.guaixe.net/ (moldatua eta zuzendua)




Bideoa: http://www.youtube.com/

No comments:

Post a Comment