2009/01/23

Alvaro Mundiñano, barne barnetik


Etxarri Aranazko margolariak bere lanak eskegi ditu Noaingo kultur gunean.

Errealismotik abiatu eta surrealismorako bidea egiten du Alvaro Mundiñanok Barne-barnetik olio bilduman. Basoak, kaleak eta pertsonaia ospetsuek irudiak aurkituko ditugu bertan. Pablo Sarasateren partiturak, Miguel Angelen Sixtina Kaperaren irudiak eta Leonardo da Vinciren margoak Van Gogh-en irudiekin nahasten dira. Ilbeltzaren 8an mustu zuten erakusketa eta hilaren 29ra arte arratsaldero ikusgai egonen da astelehenetik ostiralera Elortzibarren.

Jose Ramon Andaren eta Txuspo Poyoren lan berriak

Nafarroako Museoaren erakusketa gelan artista sakandarren lanak daude ikusgai. “Nafarroako Museoa. Bilduma irekia. 2006-2008ko eskuraketak” izenarekin, museoak ikusgai jarri ditu urte horietan erositako 127 pieza. Horien artean daude Jose Ramon Andaren eta Txuspo Poyoren lanak.
Hiru atal handi hartzen ditu erakusketak: interes historikoko piezak (XIX. mende aurrekoak), pieza numismatikoak (moneta eta dominak) eta arte garaikideko obrak. 22 pieza berrik osatzen dute azken atal hau, 6 margolanek, 4 eskulturak, instalazio batek, 6 grabatuk, 3 argazkik eta bi bideolanek. 13 artisten artean leku berezia dute bi sakandarrek, Jose Ramon Andak eta Txuspo Poyok. Lehenagotik ere Nafarroako Museoaren bildumaren zati ziren artista sakandarren lanak. Nafarroako arte garaikidearen ordezkari azpimarragarrienetakoak direlakoan, Nafarroako Museoak artista sakandarren obra berriak eskuratu nahi izan ditu.
Otsailaren 22ra arte ikusgai dago erakusketa Nafarroako Museoan bertan, asteartetik ostiralera, 9:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Bisita gidatua nahi duenak aukera ona du larunbatero, 17:30ean, eta igandero, 12:30ean.

HERRI KIROL JAIALDIA OLAZTIN!!!

Olaztiko Gazte Asanbladak antolatuta, larunbatean, hilak 24, bertako pilotalekuak herri kirol jaialdi bikaina hartuko du 18:30etik aurrera. Sarrera dohainik izango da. Harri jasotze lanetan Goenatxo eta Mari Jose Sardon arituko dira. Eta aizkora lanetan, berriz, lau aizkolari ariko dira: Bihurri, Arrospide, Flores eta Nazabal, azkenak sakandarrak. Guzti hauen lana ikusgarria izango dela ez dago dudarik.
Puntako ikuskizun honetaz gozatzeko gonbitea luzatu du Olaztiko Gazte Asanbladak.

2009/01/19

TESTU BAZKA!!


kima Euskara Taldeak berriz ere euskaraz irakurketaz gozatzeko aukera bat luzatzen digu. Taldean irakurri eta testuari mamia ateratzeko saio independienteak. Hurrengo saioa otsailaren 9an, astelehenarekin, 19:00etan. Ausartu eta animatu!!!

Gaurko eta atzoko Altsasuko feriak argazkitan


Altsasuko Iortia kultur gunean erakusketa berria dago ikusgai hilaren 30era arte.

1985 urtetik Altsasuko Mendizale Taldeak Argazki Rallya antolatzen du urtero herriko ferietan. 25 urte eginen ditu aurten argazki rallyak eta urtemuga bertan izanik, Altsasuko Mendizale Taldeari une egokia iruditu zaio 1985etik 2008ra bitarteko argazkiak jendaurrean jartzeko.


Ehun bat argazkik laburtzen dute Altsasuko ferien azken 24 urteetako historia. Denbora eten izan bailitzan, ferietako atal ezberdinak islatuta geratu dira argazkietan: ganaduen feria, nekazaritza elikagaiak, artisau azoka, Altsasuko txokoak, herritarrak… Ohiko irudiak batzuk: behorra, talogileak, artisauak… baina baita originalak ere: herriko graffitiak, feria gizonak… Guztiak ere gaurko eta atzoko Altsasuko ferien adierazle.


Beraz, hilaren amaierara arte urtez urteko argazkirik onenez gozatu ahal izanen da Altsasuko Iortia kultur gunean. Animatu!!!

2009/01/09

IRAKURRI ETA GOZATU!!

Testu bazka ekimenarekin Kima Euskara Taldeak irakurtzeko plazeraz gozatzera gonbitea luzatzen dizu. Ez dakizula zer den Testu bazka? Irakur zaletasuna, literatura maite dutenen eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite dituztenen topaketa. Baina prestaketa berezirik eskatzen ez duen topaketa.

Guztiak bildu eta lagundutako irakurketa bat egitean datza Testu bazka. Euskal idazle baten testu labur bat irakurtzearekin hasiko da saioa. Denen artean hura irakurri eta gero, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen gara.

Testu bazkan dena dira abantailak: euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du; saio guztiak independenteak dira; ez da etxerako lanik izanen; ez dago irakurketa beharturik; saioak ez dira oso luzeak izanen eta, gainera, ez dago aurretik ezer berezirik jakin beharrik.

Beraz, animatu eta hurrengo saioan parte hartzeko aukera hemen duzu: ilbeltzaren 12an izanen da, astelehenarekin, 19:00etan Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan).