Pages

2009/01/09

IRAKURRI ETA GOZATU!!

Testu bazka ekimenarekin Kima Euskara Taldeak irakurtzeko plazeraz gozatzera gonbitea luzatzen dizu. Ez dakizula zer den Testu bazka? Irakur zaletasuna, literatura maite dutenen eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite dituztenen topaketa. Baina prestaketa berezirik eskatzen ez duen topaketa.

Guztiak bildu eta lagundutako irakurketa bat egitean datza Testu bazka. Euskal idazle baten testu labur bat irakurtzearekin hasiko da saioa. Denen artean hura irakurri eta gero, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen gara.

Testu bazkan dena dira abantailak: euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du; saio guztiak independenteak dira; ez da etxerako lanik izanen; ez dago irakurketa beharturik; saioak ez dira oso luzeak izanen eta, gainera, ez dago aurretik ezer berezirik jakin beharrik.

Beraz, animatu eta hurrengo saioan parte hartzeko aukera hemen duzu: ilbeltzaren 12an izanen da, astelehenarekin, 19:00etan Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan).

No comments:

Post a Comment