2016/12/20

Sarduiren liburua hizketagai. Mintzakideak han egon ginen!

Sarduiren liburua hizketagai

Guaixe Sakanako Astekaria 2016-12-13 18:42   Kultura  Altsasu  Sakana
Alex Sardui bere aurreneko eleberria Esan eta egin (2013, Baga Biga) besapean duela etorri da Altsasura. Iortia kultur gunean AEK-ko ikasleak eta Mintzakide programako kideak zituen zain. Haiek liburua irakurri ondoren sortu zaizkien zalantzen inguruan galdetu, iritziak trukatu eta pasarteen inguruko jakin-mina asetzeko aukera izan dute. Sarduirekin literatura hizketaldia Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta AEK-ko Itsasi euskaltegiak eta Sakanako Mintzakidek antolatu dute.

Aizpea taldearen eskutik Gurasolagun Irurtzunen.


“Euskal Ekitaldiak euskaldunon bilgunea izan nahi dute”

Guaixe Sakanako Astekaria 2016-12-02 11:37   Gizartea  Irurtzun
Ana Balda San Juan. Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneko kidea.
1. Nafarroako egunarekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Irurtzunera bueltan, ezta?
Urtero bezala, bai.

2. Nolaz?
Beti oso ongi ateratzen delako. Kiroldegia beti betetzen delako eta nik uste dut Nafarroan urtero Irurtzunen mustutzen dutela; edo lehenbizi Iruñean eta gero Irurtzunen. Oso polita iruditzen zaigu.

3. Ikuskizun berriak Korrikarekin lotura du, ezta?
Bai, Tipi-tapa, Korrika! izenburua du. Itxura ona dauka. Larunbatean, 17:00etan.

4. Horrela abiatzen dituzue Euskal Ekitaldiak?
Bai. Asteartean urteroko txangoa dugu. Taldean duela bi urte sartu ginen eta txangoa gure ingurukoen adinetara egokitu dugu.

5. Zein da astearterako plana?
Atarrabiako batanera, ur biltegira joanen gara. Oso gertu dago eta oso bitxia da. Aukera polita iruditzen zaigu. Atarrabia eta Mendillorrirantz 10:00etanaterako gara. Gero bazkaldu eta etxera buelta 18:30ean eginen dugu, hurrengo eguna lan eguna da.  Autobusa betetzeko oso gutxi falta da eta izena eman daiteke, bai.

6. Euskal Ekitaldietan beste klasiko bat bertso afaria da.
Bai, gero eta indar gehiago hartzen ari da. Azkeneko urteetan gazteak, gaztetxoak eta afarira etortzen hasi dira. Giro polita sortzen da. Oihana Iguaren eta Eneko Lazkoz ariko dira, abenduaren 16an, Iratxo elkartean. Aukera polita da: Eneko sakandarra da; gizon bat eta emakume bat dira; pixka bat erakusteko ere emakumeak bertsotan ere aritzen direla. Txartelak Pikuxarren eskuratu daitezke.

7. Musikarendako tartea heldu den ostiralerako iragarri duzue.
9an, bai, 23:00etan Pikuxarren. Gure asmoetako bat da gazteagoengana iristea da eta gazte asanbladan eta ibiltzen direnei proposatu genien haiek egitaraua osatzeko antzerki edo kontzerturen bat proposatzeko. Beraiek ere gerturatzeko eta gustura egoteko. Txalainak bikotea proposatu ziguten. Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituzte. Kontzertua baino lehen pizzak eta bokatak salgai egongo dira Pikuxarren bertan

8. Zer dira aipatu ditugun Euskal Ekitaldiak?
Euskal Ekitaldiak dira abenduan, egun gutxitan, herrian euskara bulkatzeko eta euskara ikusteko egiten diren ekitaldiak. Egun hauetan euskaldunon bilgunea izateko. Gu, dena den, talde bezala, saiatzen gara urte osoan ikustarazten. Aurreko zuzendaritzak egoki jo zuen abenduan pilatzea eta, momentuz, ez dugu aldatzea egoki ikusi.

9. Adin tarte guztiak hartzeko ahalegina egiten duzue, ezta?
Bai. Txangora eta bertso afarira edozein joan daiteke. Eta kontzertua, nahiz eta gazte asanbladak proposatu, Hertzainaken bertsioak dira. Hor ere adin tarte handia sartu daiteke. Pailazoak, umeena eta familiena. Euskaldun guztiona egiten saiatu gara.

10. Euskal Ekitaldiak, noiztik?
Harrapatu nauzu. 20 urte behintzat izanen dira. Baina, momentuz, aguantatzen dugun bitartean jarraitzeko asmoarekin gaude. Zeren arrakastatsuak izaten dira, bai.

11. Hau ez da abenduko lore soila. Gauza gehiago antolatzen ditu Aizpeak, ezta?
Joan den urtean, Trinitate festetan euskarak halako presentziarik ez zuenez eta mendira igoera egiten dela baliatuz, guztia borobiltzeko, plazan bertan kirola euskaraz egitea erabaki genuen. Joan den urtean plazan spinninga euskaraz egin genuen, aurten zunba eta jolasak plazan bertan, herriaren erdian euskara entzuteko.

Mintzakiderekin eta AEKrekin batera, hilabetean edo bi hilabetean behin, Mintzakide Familian. Igande goiz batean familiekin ekintza bat egitea da:mendi irteera, ginkana, jolasak… Guraso euskalduna edo euskalduntzen ari direnak, umeekin. Familien artean ohiturak finkatzeko, haurrekiko harremana euskaraz ez baita beti. Umeen artean ere euskaraz egiteko ohitura finkatzeko.

 Euskarak 365 egun ikus-entzunekoak. ITBkoekin ere harremanetan gaude, laguntzen diegu eta haiekin ere urtean zehar zenbait ekintza antolatzen ditugu. Ateratzen dena.

12. Hori guztia ateratzeko zer moduzko osasuna du Aizpeak?
Orain gogotsu gabiltza. Duela bi urte berriak sartu ginen, denak berriak sartu ginen. Indargunea da oso ezagunak garela, antzeko adineko umeak ditugu, gutxi gorabehera antzeko ordutegiak ditugu, antzeko asmo eta beharrak. Momentuz gustura gabiltza.

13. Nahi duenak, ateak zabalik ditu?
Bai, beti. Edozein proposamen egiteko. Edo juntakide izateko. Edozertarako zabalik.

14. Zein da euskarak Irurtzunen duen osasuna?
Nik esanen nizuke nire inguruan euskarak gero eta indar gehiago daukala. Nire inguruan. Baina, orokorrean, leku gehienetan bezala erabilera gure erronka da. Orain, esan bezala, Aizpean gurasoak gaude eta, batez ere, gure kezka handiena da herrian haur euskaldun asko dagoela, zeren eskolako %60 D ereduan matrikulatua dago, D eredua gora doa. Baina, gero erabileran hori ez da hainbeste nabaritzen, nahiz eta orain plazan, parkean asko entzun euskara. Edo lehen baino gehiago, behintzat. Umeen eta gaztetxoen erabileran egin behar da indarra. Gazteek gazte asanbladarekin mugimendua sortu dute eta guregana ere etorri dira galdetzera, eskatzera, eskaintzera… hor gogoa dagoela ikusten dugu. Gogoa dagoen lekuan errazago da saiatzea.

15. Elkarlan zubiak garrantzitsuak dira, ezta?
Bai. Azkenean herri txiki bat da eta erraza da elkartzea.

16. Zer esanen diegu irakurleei?
Euskaraz hitz egin nahi badute eta Irurtzun euskalduna ezagutu nahi badute, lasai asko etortzeko. Irurtzun ere euskalduna da.

Dakizun euskara hori praktikatzeko. Izena eman!

Dakizun euskara hori praktikatzeko

Guaixe Sakanako Astekaria 2016-12-01 08:24   Gizartea  Altsasu  Irurtzun  Sakana  Urdiain  Ziordia
Euskara ikasten edo hitz egiteko “askatu” behar direnak eta bideratzaile bat elkartzen dira Mintzakide taldeetan, hitz egitera.
Altsasuko mintzakide talde bat. | Ikusi handiago | Argazki originala
Euskara praktikatzeko hainbat zailtasun ditu euskaltegian dagoenak edo handik pasa eta euskaldundu denak: lotsa, segurtasun falta, zeinekin hitz egin ez izatea, ohituraz gaztelaniaz hitz egitea… Halakorik ez da gertatzen Mintzakide programako taldeetan. Izan ere, helburua euskara praktikatzea da. Astean ordu bat eskaintzen zaio, edo norberak nahi duen maiztasuna. Hizkuntza praktikatu daiteke kafea edanez, zinemara joanez, pasieran… Herrietan erabilera bultzatzeko modu eraginkorra da arnasguneak sortzen direlako eta eredua ematen delako.

Programan parte hartzea doakoa da. Sakanan, Mintzakide programa AEK-k kudeatzen du Mankomunitatearen diru-laguntzarekin. Eta euskara ikasi edo praktikatu nahi duen edonori zuzendua dago. Martxan dauden talderen batean parte hartu daiteke eta beste herriren batean talde  berri bat sortzeko nahia dutenek hots egin dezatela 600 482 024 telefonora, idatz dezatela sakana_mintza@aek.eus e-postara edo pasa daitezela AEKren Itsasi euskaltegitik.

Martxan dauden taldeak

Irurtzun

Astelehenetan, 9:30ean Pikuxarren

Astelehenetan 18:00etan Iratxo elkartean 

Ostiraletan, 17:15ean Pikuxarren 


Urdiain

Asteazkenetan, 19:00etan


Altsasu

Ostegunetan, 16:00etan, Koxkan 

Ostiraletan, 9:00etan Kaixon 

Ostiraletan, 9:00etan Kaixon (taldearen bikoizketa)



Ziordia
Asteartetan, 16:00etan, liburutegian