Pages

2016/12/20

Aizpea taldearen eskutik Gurasolagun Irurtzunen.


“Euskal Ekitaldiak euskaldunon bilgunea izan nahi dute”

Guaixe Sakanako Astekaria 2016-12-02 11:37   Gizartea  Irurtzun
Ana Balda San Juan. Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneko kidea.
1. Nafarroako egunarekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Irurtzunera bueltan, ezta?
Urtero bezala, bai.

2. Nolaz?
Beti oso ongi ateratzen delako. Kiroldegia beti betetzen delako eta nik uste dut Nafarroan urtero Irurtzunen mustutzen dutela; edo lehenbizi Iruñean eta gero Irurtzunen. Oso polita iruditzen zaigu.

3. Ikuskizun berriak Korrikarekin lotura du, ezta?
Bai, Tipi-tapa, Korrika! izenburua du. Itxura ona dauka. Larunbatean, 17:00etan.

4. Horrela abiatzen dituzue Euskal Ekitaldiak?
Bai. Asteartean urteroko txangoa dugu. Taldean duela bi urte sartu ginen eta txangoa gure ingurukoen adinetara egokitu dugu.

5. Zein da astearterako plana?
Atarrabiako batanera, ur biltegira joanen gara. Oso gertu dago eta oso bitxia da. Aukera polita iruditzen zaigu. Atarrabia eta Mendillorrirantz 10:00etanaterako gara. Gero bazkaldu eta etxera buelta 18:30ean eginen dugu, hurrengo eguna lan eguna da.  Autobusa betetzeko oso gutxi falta da eta izena eman daiteke, bai.

6. Euskal Ekitaldietan beste klasiko bat bertso afaria da.
Bai, gero eta indar gehiago hartzen ari da. Azkeneko urteetan gazteak, gaztetxoak eta afarira etortzen hasi dira. Giro polita sortzen da. Oihana Iguaren eta Eneko Lazkoz ariko dira, abenduaren 16an, Iratxo elkartean. Aukera polita da: Eneko sakandarra da; gizon bat eta emakume bat dira; pixka bat erakusteko ere emakumeak bertsotan ere aritzen direla. Txartelak Pikuxarren eskuratu daitezke.

7. Musikarendako tartea heldu den ostiralerako iragarri duzue.
9an, bai, 23:00etan Pikuxarren. Gure asmoetako bat da gazteagoengana iristea da eta gazte asanbladan eta ibiltzen direnei proposatu genien haiek egitaraua osatzeko antzerki edo kontzerturen bat proposatzeko. Beraiek ere gerturatzeko eta gustura egoteko. Txalainak bikotea proposatu ziguten. Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituzte. Kontzertua baino lehen pizzak eta bokatak salgai egongo dira Pikuxarren bertan

8. Zer dira aipatu ditugun Euskal Ekitaldiak?
Euskal Ekitaldiak dira abenduan, egun gutxitan, herrian euskara bulkatzeko eta euskara ikusteko egiten diren ekitaldiak. Egun hauetan euskaldunon bilgunea izateko. Gu, dena den, talde bezala, saiatzen gara urte osoan ikustarazten. Aurreko zuzendaritzak egoki jo zuen abenduan pilatzea eta, momentuz, ez dugu aldatzea egoki ikusi.

9. Adin tarte guztiak hartzeko ahalegina egiten duzue, ezta?
Bai. Txangora eta bertso afarira edozein joan daiteke. Eta kontzertua, nahiz eta gazte asanbladak proposatu, Hertzainaken bertsioak dira. Hor ere adin tarte handia sartu daiteke. Pailazoak, umeena eta familiena. Euskaldun guztiona egiten saiatu gara.

10. Euskal Ekitaldiak, noiztik?
Harrapatu nauzu. 20 urte behintzat izanen dira. Baina, momentuz, aguantatzen dugun bitartean jarraitzeko asmoarekin gaude. Zeren arrakastatsuak izaten dira, bai.

11. Hau ez da abenduko lore soila. Gauza gehiago antolatzen ditu Aizpeak, ezta?
Joan den urtean, Trinitate festetan euskarak halako presentziarik ez zuenez eta mendira igoera egiten dela baliatuz, guztia borobiltzeko, plazan bertan kirola euskaraz egitea erabaki genuen. Joan den urtean plazan spinninga euskaraz egin genuen, aurten zunba eta jolasak plazan bertan, herriaren erdian euskara entzuteko.

Mintzakiderekin eta AEKrekin batera, hilabetean edo bi hilabetean behin, Mintzakide Familian. Igande goiz batean familiekin ekintza bat egitea da:mendi irteera, ginkana, jolasak… Guraso euskalduna edo euskalduntzen ari direnak, umeekin. Familien artean ohiturak finkatzeko, haurrekiko harremana euskaraz ez baita beti. Umeen artean ere euskaraz egiteko ohitura finkatzeko.

 Euskarak 365 egun ikus-entzunekoak. ITBkoekin ere harremanetan gaude, laguntzen diegu eta haiekin ere urtean zehar zenbait ekintza antolatzen ditugu. Ateratzen dena.

12. Hori guztia ateratzeko zer moduzko osasuna du Aizpeak?
Orain gogotsu gabiltza. Duela bi urte berriak sartu ginen, denak berriak sartu ginen. Indargunea da oso ezagunak garela, antzeko adineko umeak ditugu, gutxi gorabehera antzeko ordutegiak ditugu, antzeko asmo eta beharrak. Momentuz gustura gabiltza.

13. Nahi duenak, ateak zabalik ditu?
Bai, beti. Edozein proposamen egiteko. Edo juntakide izateko. Edozertarako zabalik.

14. Zein da euskarak Irurtzunen duen osasuna?
Nik esanen nizuke nire inguruan euskarak gero eta indar gehiago daukala. Nire inguruan. Baina, orokorrean, leku gehienetan bezala erabilera gure erronka da. Orain, esan bezala, Aizpean gurasoak gaude eta, batez ere, gure kezka handiena da herrian haur euskaldun asko dagoela, zeren eskolako %60 D ereduan matrikulatua dago, D eredua gora doa. Baina, gero erabileran hori ez da hainbeste nabaritzen, nahiz eta orain plazan, parkean asko entzun euskara. Edo lehen baino gehiago, behintzat. Umeen eta gaztetxoen erabileran egin behar da indarra. Gazteek gazte asanbladarekin mugimendua sortu dute eta guregana ere etorri dira galdetzera, eskatzera, eskaintzera… hor gogoa dagoela ikusten dugu. Gogoa dagoen lekuan errazago da saiatzea.

15. Elkarlan zubiak garrantzitsuak dira, ezta?
Bai. Azkenean herri txiki bat da eta erraza da elkartzea.

16. Zer esanen diegu irakurleei?
Euskaraz hitz egin nahi badute eta Irurtzun euskalduna ezagutu nahi badute, lasai asko etortzeko. Irurtzun ere euskalduna da.

No comments:

Post a Comment