2011/01/20

Literatura gose denari, eman bekio

Testu bazka ilbeltzean.

Urte berriarekin batera, ezin hutsik egin Kima euskara taldeak antolatutako Testu bazka. Aurtengo lehen hitzordua hilaren 26an jarri dugu, 19:00etan Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan). Bertara biltzen direnak Manuel Rivasen Poema gisa tajaturiko ipuinak lana ezagutzeko aukera izanen duzu.

Kima euskara taldearen proposamena da Testu bazka eta euskal literaturan barna bidaiatzeko aukera eskaintzen du. Testu bazka lagundutako irakurketa bat egitean datza. Denen artean euskarazko testu labur bat irakurtzearekin hasten da saioa. Ondoren, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen gara.

Testu bazka-n aritzeko ez da literatura ezagutza espezifikorik edo prestaketa berezirik behar. Kimaren ustez, dena abantailak dira: euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du; ez da etxerako lanik izanen; ez dago irakurketa beharturik, saioak ez dira oso luzeak izaten eta saio guztiak independenteak dira.

Horregatik, Kima euskara taldetik irakur zaletasuna dutenei, literatura maite dutenei, idazketaren sekretuak ezagutzea maite dituztenei edota euskaraz hitz egin nahi duten guztiei gonbitea luzatzen diogu. Eskertuko genizueke, hala ere, Altsasuko udal liburutegian, Itsasi euskaltegian edota altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidean izena emanen bazenute, antolaketa errazteko. Horretarako hilaren 24ra arteko epea dago. On egin literatura-bidaiak. Bizi euskaraz.




No comments:

Post a Comment