2014/02/28

EUSKARAREN ARNASGUNEAK SENDOTZEKO TAILERRA

Euskararen arnasguneak sendotzeko tailerra eginen da Etxarri Aranatzen.

tailerraren eskuorria

martxoaren 15ean eta 21ean kultur etxean

UEMAk eta EHEk antolatutako arnasguneen tailerra Etxarri Aranatzera iritsiko da martxoan. Tailerrak bi helburu nagusi ditu: euskararen arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioan duten garrantziaz kontzientzia hartzea, eta horiek zaintzeko zein hedatzeko dinamikak sortzea. Tailerra doakoa da.

Zer dira arnasguneak?
Euskara nagusi den espazioak dira, eguneroko bizitzan euskara naturaltasunez erabiltzen den guneak. Espazio soziofuntzionalak (familia, ikastetxea, lantokia…) edo espazio geografikoak izan daitezke.

Adituek diote hizkuntza batek bizirauteko ezinbesteko dituela nagusi izango den espazioak. Espazio berean bi hizkuntzatan ezin da jardun modu iraunkorrean, beti bat nagusitzen baita. Zentzu horretan, elebitasunaren mitoari aurre egingo zaio. Horregatik, normalizazio prozesuaren gakoetako bat euskararentzat espazioak eskuratzea da. 
UEMAko arnasguneak
Arnasgune geografikoen artean daude UEMAko herriak, besteak beste, Etxarri Aranatz eta Arbizu. Herri hauetan euskaldun dentsitate handia izanik (biztanleen % 70etik gora), euskara modu naturalean transmititzen da eta euskara lasai hitz egin dezakegu, hori baita bertako hizkuntza naturala. Arruazuk, Ergoienak eta Urdiainek ere ezaugarri horiek dituzte.

Azken aldian kezka sortu da gune geografiko euskaldunetan distentsioa eta kontzientziazio falta detektatu direlako. Horren aurrean,  zenbait erakundek (UEMA, EHE, EMUN, Kontseilua, Bertsozaleen Elkartea eta Topagunea) arnasguneek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia zabaltzeko beharra ikusi dute. Horren emaitza da tailer hau. Zenbait herritatik pasatu ondoren, martxoan Etxarrira iritsiko da.

Tailerra
Tailer honen bidez herri mailan herritar taldeak arnasguneak hedatzeko (funtzionalki nahiz geografikoki), alegia, eremu berriak irabazteko aktibatu nahi dira. Horrela, euren eguneroko bizitzan euskaraz bizi ez diren eremuak eta arrazoiak identifikatu, eta zailtasun horiei komunitate gisa aurre egiteko urratsak ematera bultzatu nahi da.

Bi orduko bi saio izanen dira: martxoaren 15ean, larunbatean, 10:00etatik 12:00etara eta martxoaren 21ean, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara.

Tailerra herritar orori zuzenduta dago. Deialdi berezia egiten da Etxarri Aranatzen eta Arbizun (UEMAko herriak) euskalgintzan ari direnei eta baita Sakanako beste arnasguneetako (Arruazu, Ergoiena eta Urdiain) herritarrei ere, eta nola ez, gaiarekin sentsibilizatuta dauden guztiei.

Izen-ematea
Martxoaren 12a baino lehen Etxarri Aranazko Kultura Zerbitzuan (948 460 930 edo kultura@etxarriaranatz.com), Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.com) edo Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan.

Informazio gehiago: Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan.

No comments:

Post a Comment