Pages

2016/09/20

Zabalik dago Mintzakiden parte hartzeko epea!

   

Jendartea bizitzen ari den aldaketa garaian, beren lekua hartu dute mintzapraktika egiteko programek; aisialdiaren aro honetan, aukera bikaina ematen diote jendeari euskaraz hitz egiteko, jendea ezagutzeko eta, hainbat jardueraren bidez, ederki pasatzeko, bizitzeko, alegia. PRAKTIKATU ETA BIZI, horixe baita AEKren mintzapraktika egitasmoen muina.

Hemendik aurrera, zabalik dago Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan izena emateko epea. PRAKTIKATU ETA BIZI AEKren praktika jardueren leloa da, eta kanpainan erabiliko diren euskarrietan jardueron argazki batzuk izango dira ikusgai: astean behin tabernan gustura mintzatzeko elkartzen den herritar taldea, bizikleta hartuta txangoa elkarrekin egiten duten lagunak, etab

Ekimen arrakastatsua dugu; izan ere, bermatuta dago hainbat helburu erdiesteko aukera: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz egiteko plaza eskaini euskaldun orori, zuzeneko bidea izan inguruko euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, abagune aparta eskaini gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko. Azken urteotan, horretan sakondu da, hala, taldeetan hamaika arlotako ikastaroak egiten dituzte (sukaldaritza, historia, osasuna...), baita aisialdiari begirako kontu ugari ere, esate baterako, txango kulturalak eta abentura-taldeak. Bestalde, familiartean eragiteko gurasolagun programa martxan dago.




2016-17 ikasturtean mintzapraktika programaren batean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Euskal Herrian osatuko diren 100dik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara, euskara-elkarteetara edota euskara-zerbitzuetara jo dezakete. edo Sakanan 600 48 20 24 telefonora deituz!

No comments:

Post a Comment