Pages

2011/03/10

KIMA taldekoen hausnarketa




Kaixo,

Berriki bukatu da ikastetxeetan aurre-matrikula egiteko epea. Iaz Sakanan 5 haurretik, 4 D ereduan matrikulatu ziren. Emaitza ona da eta lan eta ahalegin handien fruitua.



Urteekin, D ereduak erakutsi du kalitatezko irakaskuntza dela. Haur euskaldunek nahiz erdaldunek bi hizkuntza ofizialak ikasi eta emaitza onak lortzen dituzte; baita atzerriko hizkuntzetan ere. Orain ezin da esan aspaldian esaten zen bezala: “Vasco ser, ir a la escuela y no aprender”

Baina kasu honetan, botilaren alde hutsari begiratu nahi diogu. Izan ere, ikasleen %20k, D ereduan ikasten ez dutenek, ez dute euskara maila ona lortuko. Sakanan, Euskal Herriko toki askotan ez bezala, aukera dago bi hizkuntza ofizialak ikasteko. Orduan, ikasketak bukatu eta euskara ez jakitea, ez al da aukera galdua?


Gurasoek badute eskubidea haien seme-alaben ikasketa eredua aukeratzeko. Baina eskubide horren gainean, badago seme alaben eskubidea hezkuntza ona jasotzeko. Eta gure herrian hitz egiten diren bi hizkuntzetatik bakar bat ikasten badute, hori hezkuntza ona izaten da? Zer gertatuko litzateke ikastetxe batean txinera edo arabiera edo alemana ikasiko balitz baina gaztelera ez? Esango genuke ikasle horien prestakuntza ona dela? Etorkizuna erraza izango litzateke haur horiendako?



Gizarte honetan funtsezkoa da heziketa ahalik eta onena izatea. Hizkuntz bakar bat fundamentuz ikasten bada, dela gaztelera, dela euskara, dela beste bat, esan dezakegu heziketa ona dela?



Eskolan, euskararen presentzia ez da opari bat izan. Lehen, ilegala zen, gero alegala, eta azkenean legala (mugek badiraute, baina). Aurrerapausoa herritarren esfortzuari esker lortu da, erdaldun eta euskaldunena. Nafarroako Euskararen Legearen arabera, “gure” Gobernuak Euskara sustatu behar du. Baina gai hau, ez al da garrantzitsuegia Gobernu baten eskuetan uzteko? Gure inguruan, guk ere sustatu al dezakegu Euskara? Erantzuna, zuek eman.



Kima euskara taldea

www.altsasuneuskaraz.com




Irakurri eta zabaldu!!!!!!!!!!!!

Ondo Izan

2011/03/08

Inauteriak, inauteriak eta inauteriak



Altsasun

Urbasa eta Aralar mendiez inguraturik, Altzania mendiaren oinetan, Burunda eta Altzania ibaien elkargunean, hantxe dago Altsasu, Sakanako herrigunerik garrantzitsuena. Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabaren arteko komunikazio ardatza da, bai errepidetik bai trenbidetik, eta, ondorioz, industria gune garrantzitsua da.

Badira ehun urtetik gorako etxeak, portaleak eta bao txikiak dituztenak; guztiak Jasokundearen Andre Mariaren elizaren inguruan. Elizaren barrualdean, erretaula erromanista aparta ikusi daiteke, horren eskulturek eta polikromiak ezin estimatuzko kalitatea dutelarik.

Foru plazan Jose Ulibarrenaren eskultura bitxia dago ikusgai. Antzinako intxaurrondo batez baliaturik, irudi ezberdinak landu zituen, Altsasu funtsean zer den bikain irudikatzen dutenak: ohitura errotu-errotuak, mitologia, natura, pilota eta musika.

Herriaren erdialdean, lorategi batean, tren-makina "japoniar" elektriko bat jarri da, Espainiako trenbideen sarean ibili zen mota horretako lehenbizikoetako bat. Berez, museo pieza izateaz gainera, Sakanako turismo bulego berriaren egoitza da.

Herritik hurbil, Otadiako Kristo mirarigilearen baseliza altxatzen da; barruan, erretaula barroko batean, XVI. mendeko Kristoa ikus daiteke.

Unanun

"Mamuxarroak" jantzi zuriaren gainean gerriko gorria, aurpegia ezkutatzeko metalezko maskara eta buruaren nahiz lepoaren gainean koloretako zapia daramaten pertsonaiak dira. Makila luzeak eskuan, bidean topatzen dituzten guztiei mehatxuka eta joka aritzen zaizkie.

Ohitura da euren biktimak, neskatxak normalean, harrapatuak izan ondoren belauniko jartzea, eta "mamuxarroak" kopetan gurutzea egin eta gero neskatxak belaunean muin eman behar izatea.

2011/03/01

Martxoko testu bazka


Martxoan ere ez du hutsik eginen Testu bazka-k. Kima euskara taldeak Eider Rodriguezen Katu jendea lana ezagutzeko gonbite egiten dizu. Hitzordua hilaren 9an asteazkenarekin jarri dugu, 19:00etan Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan). Astearte inauteriaren ondoren hain justu.