2011/03/10

KIMA taldekoen hausnarketa




Kaixo,

Berriki bukatu da ikastetxeetan aurre-matrikula egiteko epea. Iaz Sakanan 5 haurretik, 4 D ereduan matrikulatu ziren. Emaitza ona da eta lan eta ahalegin handien fruitua.



Urteekin, D ereduak erakutsi du kalitatezko irakaskuntza dela. Haur euskaldunek nahiz erdaldunek bi hizkuntza ofizialak ikasi eta emaitza onak lortzen dituzte; baita atzerriko hizkuntzetan ere. Orain ezin da esan aspaldian esaten zen bezala: “Vasco ser, ir a la escuela y no aprender”

Baina kasu honetan, botilaren alde hutsari begiratu nahi diogu. Izan ere, ikasleen %20k, D ereduan ikasten ez dutenek, ez dute euskara maila ona lortuko. Sakanan, Euskal Herriko toki askotan ez bezala, aukera dago bi hizkuntza ofizialak ikasteko. Orduan, ikasketak bukatu eta euskara ez jakitea, ez al da aukera galdua?


Gurasoek badute eskubidea haien seme-alaben ikasketa eredua aukeratzeko. Baina eskubide horren gainean, badago seme alaben eskubidea hezkuntza ona jasotzeko. Eta gure herrian hitz egiten diren bi hizkuntzetatik bakar bat ikasten badute, hori hezkuntza ona izaten da? Zer gertatuko litzateke ikastetxe batean txinera edo arabiera edo alemana ikasiko balitz baina gaztelera ez? Esango genuke ikasle horien prestakuntza ona dela? Etorkizuna erraza izango litzateke haur horiendako?



Gizarte honetan funtsezkoa da heziketa ahalik eta onena izatea. Hizkuntz bakar bat fundamentuz ikasten bada, dela gaztelera, dela euskara, dela beste bat, esan dezakegu heziketa ona dela?



Eskolan, euskararen presentzia ez da opari bat izan. Lehen, ilegala zen, gero alegala, eta azkenean legala (mugek badiraute, baina). Aurrerapausoa herritarren esfortzuari esker lortu da, erdaldun eta euskaldunena. Nafarroako Euskararen Legearen arabera, “gure” Gobernuak Euskara sustatu behar du. Baina gai hau, ez al da garrantzitsuegia Gobernu baten eskuetan uzteko? Gure inguruan, guk ere sustatu al dezakegu Euskara? Erantzuna, zuek eman.



Kima euskara taldea

www.altsasuneuskaraz.com




Irakurri eta zabaldu!!!!!!!!!!!!

Ondo Izan

No comments:

Post a Comment