2013/12/23

ABENDUAREN 26AN ZINEMA EUSKARAZ!

Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak, Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari izeneko programaren barruan, Emak bakia baita pelikula eskainiko dute Altsasun. Bi entitateek —bakoitzak bere esparruan— euskara sustatzeko helburua dute, eta sustapen lan horren barruan oso garrantzitsuak dira euskaraz sortutako kultur produktuak; horien artean, zinema ekoizpenak. Euskarazko produktuen kontsumoa handitzeko eta, zehazkiago, Sakanan helduendako euskarazko filmen ikusle kopurua handitzeko, sortu zuten Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari programa. Izan ere, Iortia kultur guneak zinema-programazio egonkorra eskaintzen du urtean zehar, eta euskaraz sortu edo itzulitako familiendako filmak proiektatzen ditu hilero; noizbehinka, helduendako filmak proiektatzen ditu, baina ikusle gutxi joan ohi da.
  • abenduaren 26an (ostegunarekin)
  • 20:00etan
  •  Altsasuko Iortia kultur gunean
  • Doan (gonbidapena jaso behar da aldez aurretik Iortian)
    Laburpena
Man Rayren film batek, Emak Bakia izenekoak (‘Utzi bakean’ esateko beste modu bat), bilaketa baten istorioa eragiten du. Miarritzetik gertu, 1926ean filmatutako etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki du oinez abiatzea etxe haren bila. Man Rayk etxandi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi: sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez da erraz gertatuko. Izena ez da artxiboetan agertzen eta egun inork ez du etxea gogoan. Horregatik, laguntzeko eskatuko zaie bestelako berriemaileei, zoriari eta haizeari, kasu.
Fitxa teknikoa

  •  Zuzendaria: Oskar Alegria
  • Gidoia: Oskar Alegria
  •  Iraupena: 83 minutu

No comments:

Post a Comment