Pages

2011/06/19

Adi! Azkena izanen da eta!


Herria San Joanetarako prestatzen ari den honetan, eta
ikasturtea despeditzeko, Kima euskara taldeak nobela
beltzarekin gozatzera gonbidatzen zaitu. Hilaren hasieran
bezala, oraingo honetan ere genero literario hori gertutik
ezagutzeko aukera eman nahi du Kimak. Oporren aurreko azken
literatur bidaia, azken Testu bazka garagarrilaren 22an
izanen da. Ohi bezala, Gure Etxea eraikinean (2. solairuan,
mahai beltza duen gelan), 19:00etan.

Euskarazko literatura ezagutu eta harekin gozatzeko
gonbitea da Testu bazka. Lagun taldea, zazpi bat bildu, eta
denen artean euskarazko testu labur bat irakurtzearekin
hasten da saioa. Ondoren, saioaren gidariak proposatutako
galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua,
sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen gara.

Testu bazka-n aritzeko ez da literatura ezagutza
espezifikorik edo prestaketa berezirik behar. Testu bazka-k
aukera ematen du, besteak beste: euskal idazleen lanak
ezagutzeko; ez da etxerako lanik izanen; ez dago irakurketa
beharturik, saioak ez dira oso luzeak izaten eta saio
guztiak independenteak dira. Guztiak ere Testu bazka-n
parte hartzeko nahikoa arrazoia direla uste dugu.

Irakur zaletasuna dutenei, literatura maite dutenei,
idazketaren sekretuak ezagutzea maite dituztenei edota
euskaraz hitz egin nahi duten guztiei Kima euskara taldeak
parte hartzeko gonbitea egiten die. Antolakuntza errazteko,
eskertuko genizueke aurretik izena ematea, bezperara arte
duzue horretarako (Altsasuko udal liburutegian, Itsasi
euskaltegian edota altsasuneuskaraz@euskalerria.org
helbidean). Hori egin eta on egin diezazula
literatura-bidaiak. Bizi euskaraz.

Ikasleen modura, hilaren akaberarekin batera ere bere
trepetak bildu eta heldu den ikasturtera arte esanen du
agur bidaia literarioak

No comments:

Post a Comment