Pages

2012/01/27

BARDOAK BERTSO EKIMENA ABIAN




Bardoak bertso ekimena abian

Etxarriko Bilixkorriko taldeak etxean hasiko du txapelketa



Ilbeltzaren 27a, ostiralean, 22:00etan, Etxarri Aranazko gaztetxean. Sarrera: 3 euro


Nafarroako bertsolari txapelketak atseden hartuko du aurten. Haren lekua hartuko du Bardoak 2012, Nafarroako taldekako bertso ekimenak. Ekimen berria bertsozaleei elkarte giroko bertso saio hurbilak eta aldi berean kalitatezkoak eskaintzeko helburuarekin sortu da. Etxarriko gaztetxeak hartuko du lehen saioa, gaur, 22:00etan.

Ekimen berritzailea
Bardoak herrietako gertaerak eta kultura zabaltzen zituzten Erdi Aroko kantariak ziren. Haien izena hartu du Nafarroako taldekako bertso ekimenak. Txapelketak nobedade ugari digu: saio motak eta horien ezaugarriak, egin beharreko lanak, taldeen osaketa, saioak epaitzeko formula… Horrekin guztiarekin bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera ezberdina eman nahi zaio, informalagoa, gertukoa.

Ekimena auzolanean, talde lanean oinarritzen da. Taldeek gutxienez bost partaide dituzte: hiru bertsolari, gai-jartzaile-aurkezle bat eta taldeko ordezkaria. Talde berean bertsolari beteranoak gazteekin, hasiberriekin nahasi dituzte. Bertsolariak haien artean banatu beharko dituzte saioetan egin beharreko ariketak. Gainera, bertsotan aritzeaz gain, epaile lanak egin beharko dituzte. Beste multzotako taldeen lana epaituko dute. Ikusleek ere zer esana izanen dute.

Txapelketaren egitura
Bardoak ekimenean 17 talde eta 99 parte-hartzaile izanen dira, haietatik 51 bertsolariak. Ohiko txapelketan 30 bat bertsolari lehiatzen dira, beraz, aurpegi berri asko ikusteko aukera izanen da. Taldeak hiruko 6 multzotan banatu dituzte.

Bertso ekimenak 24 saio izanen ditu, hiru fasetan banatuta. Lehen fasean (gaurtik otsailaren 19ra, 17 saio), taldeak multzo berekoen aurka lehiatuko dira. Multzo bakoitzean nagusitzen dena bigarren fasera pasatuko da (martxoaren 2tik 18ra, 6 saio). Bigarren faseko hiru talde onenak martxoaren 31n Leitzan jokatuko den final handira iritsiko dira. Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izatea espero dute.

Bilixkorriko eta Desterratuak aurrez aurre
Etxarriko Bilixkorriko eta Iruñerria-Gorritiko Desterratuak taldeek emanen diote hasiera bertso txapelketa bereziari, gaur, Etxarriko gaztetxean. Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriarte bertsolariek, Jon Arratibel gai-jartzaileak eta Artzai Iraurgi ordezkariak etxekoen babesa izanen dute. Baina aurrez aurre izanen duten taldea ez da edonolakoa: Julio Soto txapeldunarekin, 2011n lehen aldiz txapelketan sartu zen Irati Majuelorekin eta bertsotan berria den Unai Uberetagoenarekin neurtuko dituzte indarrak. Iñigo Irazoki gai-jartzaileak eta Eymard Uberetaguenak osatzen dute taldea.

Gaur gauean Etxarriko gaztetxean bilduko direnen erdiek, Joseba Beltzak, Eneko Lazkozek eta Julio Sotok, Beleixe irratian (FM 107,3) egin zuten beroketa asteartean. Bertsolariek gogoz hartu dute ekimen berria. Aspaldi bertso txapelketak utzita zituen Joseba Beltza parte hartzera animatu da: “informalitate puntu bat du, eta horrek animatu nau”. “Txapelketari lehiakortasuna kentzea nahi izan da, jakin arren guztiz ezin izanen zaiola kendu” azaldu zuen Julio Sotok. Eneko Lazkozek pozez hartu du lagunaren erabakia, “urtetan elkarrekin aritu baikara”. Alboan izanen dute Alain Iriarte. Bertso Eskolan urte bat egin ondoren, jendaurrera salto eginen du lehen aldiz. “Bertsojalea da” deskribatu dute lagunek.

Bilixkorriko eta Desterratuak taldeko kideek “lehia estua” aurreikusten dute gaur gauerako. Bertara animatu zituzten bertsozaleak. “Aspaldiko partez Joseba eta lehen aldiz Alain entzuteko aukera izanen da. Julio Soto txapelduna Etxarrin izatea era gauza handia da” esan zuen barrez Eneko Lazkozek. Giro umoretsu hori nagusituko da gaztetxeko saioan.

Sakandarrak
Etxarriko Bilixkorriko taldeak irekiko du bidea eta atzetik etorriko dira gainerako sakandarrak. Heldu den astean sartuko dira txapelketan Oier Lakuntza eta Haizea Beruete iruindar-sakandarrak. Hautsi eta barratu taldean daude Arkaitz Goikoetxea bertsolariekin, Luis Mari Larreta eta Juan Mari Irastortza gai-jartzaile eta aurkezleekin eta Mikel Huarte, Igor Mitxaus eta Aitor Irastortza ordezkariekin batera.

Lehian sartzen azkena Joxema Leitza izanen da. Abizenak Leitzako taldera eraman du arbizuarra. Leitza eta leitzarrak taldea Mikel Azpiroz eta Jose Luis Barberia Zili bertsolariek, Koldo Leitza gai-jartzaileak eta Aitzol Eizmendi ordezkariak osatzen dute.

No comments:

Post a Comment